Chat gratis

jueves, 18 de diciembre de 2008

Alkateak salaketa jarri dio Muxika Garbiko hautetsi bati

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-12-18)
Endika Urlezaga
Jon Mikel Gainza alkateak Iñaki Markuerkiaga Muxika Garbiko hautetsietako bat salatu du epaitegian

Jon Mikel Gainza Muxikako alkateak salaketa jarri du Gernika-Lumoko epaitegian Iñaki Markuerkiaga Muxika Garbiko zinegotziaren aurka. Alkateak «mehatxu, bortxa eta erasoagatik» jarri du salaketa. Gainzak jarritako salaketaren arabera, gertaera abenduaren 10ean eman zen, azken osoko bilkura bereziaren ostean.
Salaketaren hasierako tramiteak egin ondoren, epaileak kaleratutako autoan gertaerok aurre-eginbide bezala tratatzeko agindua eman du. Horrela, salaketa prozesu judizial batean buka daiteke.
Osoko bilkuraren eguna
Iragan eguaztenean, abenduaren 10ean, Muxikako Udalak 2009ko aurrekontuak aurrera ateratzeko osoko bilkura berezia egin zuen, aurreko egunean Ogasun Batzorde bereziak kontuak onartu ondoren. Batzarraren baitan, Markuerkiaga zinegotziak alkatearenganako izandako jarreraren ondorioz, Gainzak Muxika Garbiko zinegotzia kaleratu zuen batzar aretotik eta eraikinetik. Behin Markuerkiaga kanpoan egond, bilkurak bere bidea jarraitu zuen. Muxikako Udalak prentsa zerbitzu baten bitartez kaleratutako oharrean, osoko bilkura amaitutakoan, batzar gelatik kanpo, Markuerkiaga «jarrera mehatxagarriz» hurbildu zitzaion alkateari eta «bultzakadak» eman zizkion. Azkenean, Ertzaintzari deitu zioten eta Markuerkiaga udal eraikinetik eraman zuten, oharrak dioenez.
Testigantzak, atzo
Gernika-Lumoko epaitegiko epaile batek atzo hartu zituen gertaeraren inguruko lehen testigantzak. Muxikako lau hautetsik gertaeren inguruko euren bertsioa azaldu zuten. Muxika Garbiko Jose Antonio Torrealday eta EAJko Gainza, Mikel Astelarra eta Jon Andoni Goikoetxea zinegotziak izan ziren deklaratu behar izan zutenak. Atzo «EAEtik kanpo» zegoenez, Iñaki Markuerkiagak beste egun batean emango du bere testigantza. Hautetsiak astelehenean egin zuen testigantza atzeratu ahal izateko eskaera eta epaileak onartu egin zuen.
«Gezurretan oinarritutako salaketa»
«Zentzu horretan ni oso lasai nago. Alkatearena gezurretan oinarritutako salaketa bat da. Alkateak paperak galdu zituen azkenengo osoko bilkuran. EAJkoek euren burua estu ikusten dute eta gezurretan oinarritutako salaketa baten bitartez aurretik kendu gura naute», adierazi du Markuerkiagak.
Muxika Garbiko zinegotziaren esanetan, «EAJkoek orain dela hamabost hilabete nire inhabilitazioa lortzeko lehenengo saiakera egin zuten, udaletxera langileak mehatxatzera joan nintzela esanez. Orduan ahalegin ustela egin zuten. Orain, berriz, modu berdinean gauza bera egiten ahalegintzen ari dira. Laster gauzak argitzen eta trapu zikinak irtetzen hasiko dira Muxikako Udaletik» .
Atzo, arratsaldean zehar, BUSTURIALDEKO HITZA Jon Mikel Gainzarekin harremanetan jartzen saiatu zen, baina ez zuen alkatearekin hitz egiterik lortu.

No hay comentarios: