Chat gratis

jueves, 20 de marzo de 2008

Oposizioak aurka bozkatu arren, aurrekontuak onartu ditu Udalak

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-03-19)
Maite Orue

MUXIKA
1.586.648 euroko sarrera arruntak eta 1.262.662 euroko gastu arruntak jasotzen ditu onartutako aurrekontuak


EAJren zinegotzien aldeko botoekin, Muxikako udalbatzak onartu zituen herenegun iluntzean egindako osoko bilkuran. 1.586.648 euroko diru sarrera arruntak eta 1.262.662 euroko gastu arruntak jasotzen dituen aurrekontua da ontzat hartu dutena, oposizioko udal talde biek aurkako botoa eman arren.

Muxika Garbik zein EAE-ANVk euren desadostasunaren arrazoiak eman zituzten. Bien iritzian, onartutako "aurrekontuak ez ditu herriaren beharrizanak asetzen", baina, horrez gain, Udalak daukan zor zama izan zuten eztabaidagai. Aurrekontuak udalak duen hipotekari beste 200.000 euro gehitzea jasotzen duela salatu zuten talde biek. "Kontuek ez dute koadratzen", esan zuten.

EAE-ANVren zinegotzi Esti Muniozgurenek aurrekontuak egiterakoan lehentasuna zerk izan duen galdetuzuen: "Zer izan duzue kontuan, herritarren beharrizanak edo zuloak estaltzea? Eta zulo horiek nondik datoz? Nork sortu ditu?". Horren aurrean, "galdera larregi eta erantzun gutxiegi" daudela gaineratu zuen Muniozgurenek.

Logika eza salatu zuen EAEk

Udal talde bereko zinegotzi Onintza Enbeitak ere, hari beretik, "hainbeste diru izatea zorrean ulergaitza" dela esan zuen. "Bi mailegu ditu Udalak lehendik eta beste bat eskatzeko proposamena egiten da orain".Guzti horrek "logikarik ez" duela eta "zorrak nondik datozen argi ez" dagoela esan zuen,"gauzak argitzeko dokumentazio baten beharra" zegoela mahaigaineratuz.

Iñaki Markuerkiaga Muxika Garbiko zinegotziak 2007ko aurrekontuak izan zituen hizpide. "Iazko aurrekontuak ez ziren errealak izan. 800.000 eurotan puztu ziren, geroago diru laguntzak etorriko zirela argudiatuz. Baina ez dakigu zernolako gastuak egin ziren, 2007ko likidazioa ez baitigute aurkeztu".

Udalak eskatuko duen 200.000euroko hirugarren mailegu horren arrazoia "zuloak tapatzea" dela azpimarratu zuen Muxika Garbiko zinegotziak.

Aurrekontu "irrealak"

"Itxura denez, sarrerak baino askoz ere diru kopuru handiagoa gastatu zuen iaz Udalak. Kontuek ez dute koadratzen eta mahaigaineratu den proposamen honen arabera 200.000 euro gehiago eskatuko ditu Udalak. Muxika bezalako udal batek 605.000 edo 610.000 euroko zorra izatea salatu nahi dugu, gure ustez lotsagarria baita". Guzti hori dela eta, aurrekontuak "errealak ez" direla adierazi zuen Markuerkiagak.

EAJen bozeramaile Mikel Astelarrak "zulorik inon ez" dagoela argitu eta "hainbat urtetarako proiektuak zer diren ulertu behar" dela azpimarratu zuen. "Lotuta gaude beste konpromiso batzuk direla eta. Udalak oinarrizko diru kopuru bat dauka aurrekontuak egiteko eta gero beste diru sarrera batzuk etorriko dira". Aurrekontuak urteko kontabilitatea "martxan jartzeko" onartzen dira, bere esanetan.
"Aurrekontuak ez ditu herriaren beharrizanak asetzen", oposizioako bi taldeen ustetan

Osoko bilkura amaitu orduko, Jon Mikel Gainza alkateak hartu zuen hitza. Aurrekontuak eztabaidatzeko EAE-ANVren zinegotziak bilera batera deitu zituela baina haiek joan gura izan ez zutela esan zuen. Enbeitaren arabera, "guk ez genuen esan ez genuela nahiaurrekontuez eztabaidatu. Hiru udal taldeak batu beharko ginatekeela esan genuen".

Markuerkiagaren "helburu bakarra Udala hankaz gora jartzea" dela ere esan zuen alkateak, oposizioko zinegotziarengana zuzenduz. "Zerbait legezkoa ez dela uste baldin baduzu, salatu ezazu behar den lekuan", esan zion. Muxika Garbiko ordezkariak ez zuen Gainzak esandakoari erantzuteko eskubiderik izan, hitza eskatu arren.

No hay comentarios: