Chat gratis

sábado, 29 de septiembre de 2007

Une honetan Inamako handitzean ez duela eskumenik dio Udalak

BUSTURIALDEKO HITZA (2007-09-26)

EAEk eta Muxika Garbik enpresa handitzea ahalbidetzen duen arau aldaketa bertan behera uztea eskatu dute
DANEL LAUZIRIKA

Atzo eguerdian FINSA-Inama enpresaren handitzea ahalbidetzen duen arau subsidiarioaren aldaketari buruzko osoko bilkura berezia egin zuten udaletxean. Eusko Abertzale Ekintza eta Muxika Garbi Udal taldeek Inamaren handitzearen inguruan Udalak azken hilabeteetan eman dituen pausoak azaltzeko eskatu zuten bilkura egitea.

Maiatzaren 16an lehengo udalbatzak, Jabier Gezuraga alkate ohia buru zuenak, Inamaren handitzea ahalbidetzen zuen arau subsidiarioaren aldaketa onartu zuen. EAJk aldaketaren alde bozkatu zuen, eta EAK kontra. Atzo EAEk eta Muxika Garbik erabaki hori baliogabetzea eskatu zioten Udalari. EAJk ez zuen hori onartu.

Jon Mikel Gainza alkateak maiatzaren 16tik gaur arte Udalak eman dituen pausoak azaldu zituen. Bere esanetan, P4 legez izendatutako ingurumen babesgunea babesteko Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia proiektu bat prestatzen ari dira. Gero proiektu hori Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuan aurkeztu behar dute. Gainzaren esanetan, «gaur egun gaia Udalaren eskumenetatik kanpo dago».

EAE-ANVren ordezkarien ustez, «osoko bilkurak erabaki hori atzera bota beharko luke. Guk, orain gauden zinegotziok, ez dugu zertan ardura hori gure gain hartu. Helegiteak jarri zituzten herritarrekin banaka banaka batu behar da Udala».

«Interes partikularrak»

Osoko bilkura hasterakoan Muxika Garbiren zinegotziek bilkuran aztertuko zen gaian «interes partikularrak» zituztela eta Jon Mikel Gainza alkateak eta Jon Andoni Goikoetxea EAJko zinegotziak ez parte hartzea eta boto eskubiderik ez izatea eskatu zuten.

Gainza eta Goikoetxea FINSA-Inamako langileak dira. Hala ere, alkateak puntu hori ez eztabaidatzea erabaki zuen.

Muxika Garbik hainbat eskaera egin zizkion. Besteak beste, Inamaren handitzearen inguruan Urdaibaiko Patronatuak txosten bat egitea, EAEko Arartekoak 2006an argitaratutako txostena onartzea eta enpresari espediente zigortzailea irekitzea eskatu zuen.

Horrez gain, Muxika Garbik gai horren inguruan ematen diren «irregulartasunak aztertzeko udal batzorde berezi bat sortzea» proposatu zuen. Batzorde horretan 1993tik gaur arte FINSA-Inamaren gaian erabakiak hartu dituzten Udaleko sailak ikertu beharko lirateke. Muxika Garbiko zinegotziek gai horretan «prebarikazio zantzuak» ikusten dituzte.

Lana eta osasuna

Bilkuraren azken zatian talde bakoitzak gaiaren inguruko bere hausnarketa egin zuen. Mikel Astelarra EAJren kide eta alkate ohiaren esanetan, Muxika Garbi Udal taldekoek «gauza subjetiboak eta testuingurutik ateratakoak» esan zituzten atzoko osoko bilkuran.

Astelarrak Muxikak %25eko langabezia indizea zuen garaietan Inamak herritarrentzat lanpostuak sortu zituela gogoratu gura izan zuen. «Berrogei urte baino gehiagotan Inama inguruan bizi izan garenok kontaminazioa pairatu dugu, baina langabeziagaz solidarioak izan gara».

«Lehen langabezia zen arazoa, orain kontaminazioa. Batzuk hau psikosia sortzeko erabiltzen dute. Ez dakit psikosi horren atzetik zer dagoen». Alkateak eta Muxikako EAJren zinegotzi guztiek Inamaren gaian EAJren erabakiak onartzen dituztela adierazi zuen.

Jose Antonio Torrealdai Muxika Garbiren zinegotziaren esanetan, «kasu honetan punturik garrantzitsuena osasuna da, eta gero etorriko litzateke lanaren gaia».

Talde bereko Iñaki Markuerkiaga zinegotziak «Tokiko Agenda 21eko ondorioak kaxoian gordeta gelditu» direla salatu zuen.

EAEren Onintza Enbeitaren ustez, «hemen langileen aurka ez dago inor. Guk ez dugu errudunik aurkitu gura. Ez da horretarako denbora. Inama lehen zer zen eta orain zer den aztertu behar da».

«Muxikako 27 familia daude Inaman lanean. Inamako arazoa konpontzen ari gara. Beharbada ez nahi bezain arin, baina konponduko dugula iruditzen zait», adierazi zuen Gainza alkateak.

No hay comentarios: