Chat gratis

jueves, 20 de septiembre de 2007

Jaurlaritzak Udal langileak ikertuko ditu.

BUSTURIALDEKO HITZA (2007-09-20)

Danel Lauzirika

Lanpostu mugagabea duen pertsona baten egoera salatu du Muxika Garbik
Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzako Toki Araubidearen zuzendaritzak Muxikako Udalaren lanpostuen kudeaketa ikertuko du. Sail horrek berriki 2007rako udal langileen zerrendaren inguruko informazioa helarazteko eskatu dio Muxikako Udalari. Informazioa helarazteko epea astelehenean bukatuko da.
Orain dela gutxi Jaurlaritzak abuztuaren 23an Bizkaiko Buletin Ofizialean agertutako 2007ko Muxikako udal langileen zerrenda aztertu du. Izan ere, Muxika Garbi udal taldeak ekainaren 17an 2007ko Udal aurrekontuei jarritako helegitean lan kontratu mugagabea duen Udaleko langile baten egoera salatu zuen.
Muxika Garbikoen esanetan, lan kontratu mugagabea duen langile hori administrari lanetan ari da Udalean. Legearen arabera, funtzionarioek bakarrik bete ditzakete administrari postuak.
Udal taldekoek helegitean adierazten zutenez, Udalak sekula ez du argitaratu lan eskaintza hori. Gainera, plaza hori hautaproba batzuen bitartez (lehiaketa edota oposaketa) esleitu beharko litzateke. Muxika Garbikoek lan eskaintza hori existitzen ez denez hautaprobak ere ez direla egin adierazi dute.
Hori dela eta, Muxika Garbik Udal gobernuari langilearen lan egoera aztertu eta azaltzeko eskatu zion. Jaurlaritzak Udalari helarazitako gutunean argudio berberak aipatzen ditu.
Udalak Muxika Garbiren helegiteari erantzuteko udaleko zerbitzu juridikoak erabili beharrean arlo pribatuko abokatuak kontratatu zituela ere salatu du Muxika Garbik.
Udal agintariek prestatutako txostenari Muxika Garbik helegitea jarri zion berriz uztailaren 30ean. Dokumentu horretan administrari lanetan ari den langileak Muxika Garbiko kide batzuk eta SOS Muxika auzotarren elkarteko kideak mehatxatu dituela aipatzen da. «Larriena da mehatxu horiek bere lana egiten ari zen bitartean egin dituela, udaleko telefonotik», aipatu dute Muxika Garbiko kideek..
Alkateari eta udalbatzari gertaera aztertzeko, eta behar izanez gero neurriak hartzeko eskatu dio Muxika Garbi Udal taldeak.

Inamari buruzko bilkura
Datorren asteko martitzenean udalbatzak, osoko bilkura berezi batean, FINSA-Inama enpresaren zabalkundearen inguruko gaia aztertuko du. Bilkura hori 14:30ean hasiko da.

Eusko Abertzale Ekintza eta Muxika Garbi udal taldeek eskatu dute osoko bilkura berezia egitea. Bilkura horrek izaera informatiboa izango du, oposizioko taldeek udal gobernuak Inama handitzearen inguruan dituen asmoak eta azken hilabeteetan gai horren inguruan eman diren pausoak ezagutu gura baitituzte.

No hay comentarios: