Chat gratis

jueves, 19 de julio de 2007

Muxikako udalak Inamaren handitzearen gaia atzeratzea eskatu dio Ingurumen Sailari

BUSTURIALDEKO HITZA (2007-07-19)

Jon Mikel Gainzak argitu duenez, «dokumentazio guztia berriro bialtzea erabaki dugu eta, horrekin batera, gaia hurrengo bilkuran azter dezatela eskatu»
erredakzioa

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak Muxikako Inama enpresaren handitzea eztabaidatu behar zuen atzo goizean. Azkenean, ordea, gaia atzeratzea erabaki zuen Patronatuak, Muxikako Udalak hala eskatuta. Hain zuzen ere, Patronatuak eta Udalak dituzten «dokumentazioak berdinak ez» direla eta gaia hurrengo osoko bilkuran aztertzea eskatu du Udalak.

Muxikako alkate Jon Mikel Gainzak argitu duenez, «Patronatuaren txostenak guk aurkeztutako dokumentazioa desordenatuta dagoela dio, ez dagoela argi zer dagoen proiektuaren barruan eta zer ez. Horren aurrean, dokumentazio guztia berriro bialtzea erabaki dugu eta, horrekin batera, gaia hurrengo bilkuran azter dezatela eskatu».
Udalaren ingurumen informea guztiz osatuta ez dagoela ere aipatzen du Patronatuko txosten horrek, baina Gainzaren esanetan, eurek aurkeztutako txostenean «argi» agertzen da guztia. «Badirudi guk daukagun dokumentazioa eta eurek daukatena ez datozela bat», esan du.
Ingurumen saileko prentsa arduradun Alberto Gartziak, bere aldetik, Inamaren handitzearen eztaibaida atzeratu dela konfirmatu du, Udalaren eskaera herenegun arratsaldean faxez iritsi zitzaiela esanez.Inamako arduradunek 107.289 metro koadro gehiago handitu gura dute instalazioa. Gaur egun Inama enpresak 61.845 metro koadro ditu. Handitze prozesua aurrera eramanez gero, aldiz, 169.134 metro koadroko hedadura izango luke. Handitzea egiteko, ostera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren txostenaren arabera, Inamak bost baldintza bete beharko ditu. Besteak beste, instalazioak handitzeko Ingurumen baimena lortu beharko du urriaren 1a baino lehenago.

Elkarretaratzea kanpoan

Gauzak horrela, SOS Muxika herritarren elkarteko kideek elkarretaratzea egin zuten Udetxea jauregiaren kanpoko aldean, Inamaren handitzea salatu asmoz. Euren iritziz, besteak beste, «Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuaren murrizketa suposatzen du» enpresaren handitzeak.

ELA, LAB eta EHNE sindikatuak ere Inama handitzearen aurka azaldu dira orain arte. Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak ere Inamaren jardueraren kontrako txostena aurkeztu zuen bere garaian, gune kutsakorrak zuzentzeko enpresari neurri zuzentzaileak har ditzan eskatuz. Muxikako Eusko Abertzale Ekintzako Udal taldeak gai honetan Muxika Garbi plataformarekin bat egiten duela adierazi du SOS Muxikak.Herri elkarteko kideen esanetan, handitzea eginez gero, «etxeetatik hurbilago legoke enpresa, kalte gehiago eraginez». Euren iritziz, «enpresa arriskutsu, kutsakorra eta klandestinoa» da FINSA-Inama.

Salaketa bi gehiago

FINSA-Inama enpresaren handitzearen gaia pil-pilean dagoen unean, beste bi salaketa izan ditu Astelarra auzoan dagoen enpresa galiziarrak.

Batetik, aipatu auzo horretako bizilagunen elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailean salatu du hilabete honetan bertan jazotako gertaera. Euren esanetan, «uztailaren 13ko, 14ko eta 15eko arratsaldeetan etxean sartuta» egon behar izan dira, egun horietan enpresak jaurtitako kearen ondorioz. «Ezinezkoa zen kalera edo balkoira ateratzea, ezinezkoa baitzen arnasa hartzea. Keak itoaldia, begietako azkura eta usain higuingarria sortzen zituen». Etengabeko zarata ere salatu dute Astelarrako bizilagunek.
Muxika Garbi auzotarren elkarteak jarri du bigarren salaketa, kasu honetan Gernika-Lumoko ertzain-etxean. Besteak beste, «FINSA-Inamaren isuri toxiko eta akustikoetatik eratorritako ongizate-kalteak» salatu dituzte. Era berean, bigarren salaketa hori Muxikako Udalean aurkeztu dute Muxika Garbikoek, alkateari «Inamaren jardueraren berehalako gelditzea» eskatuz.

No hay comentarios: