Chat gratis

miércoles, 18 de julio de 2007

Inamaren handitzea aztertuko dute gaur Udetxea jauregian

BUSTURIALDEKO HITZA (2007-07-18)

Danel Lauzirika

Udaletako ordezkari ohiek Urdaibaiko Patronatuko bilkuran bozka emateko aukera izatea salatu du SOS Muxikak
Gaur goizean Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuak osoko bilkura egingo du Gernika-Lumoko Udetxea jauregian. Besteak beste, Muxikako Udalak Finsa-Inama enpresaren handitzea ahalbidetzeko Urdaibaiko erreserbaren hirigintza plana (EKEG) aldatzeko eskaera aztertuko dute.
Patronatuak osoko bilkuran EKEG plana aldatzeko txosten baikorra aurkeztuko duela jakin ahal izan du Busturialdeko Hitza egunkariak. Nahiz eta Patronatuko teknikariek planaren aldaketaren inguruko hiru txosten ezkor aurkeztu, Patronatuak txosten baikorra aurkeztea erabaki du. Txostenak FINSA-Inamak bete beharreko bost baldintza jasotzen ditu. Besteak beste, enpresak bere instalazioak handitzeko proiektua aldatu beharko du. Ingurumen baimena lortu beharko du Inamak urriaren 1a baino lehenago.
Ordezkari ohien bozka
Maiatzean Muxikako Udalak Inamaren instalazioak handitzeko lurren birkalifikazioa onartu zuen. Nahiz eta Udaleko zerbitzu juridikoek txosten baten bitartez proposamena legez kontrakoa zela adierazi, EAJko Udal taldeak birkalifikazioaren alde egin zuen. Inamaren lursailen birkalifikazioa Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuaren txostenik gabe atera zen aurrera.
Gaurko osoko bilkuran, besteak beste, batzarrean orain arte Busturialdeko Udal batzuetako ordezkariak izan direnek ere bozka emateko aukera izango dute, tartean Arantza Madariaga Guategiz-Arteagako alkate ohiak eta Javier Gezuraga Muxikako alkate ohiak. Izan ere, oraindik izendatu gabe daude datozen lau urteetan Patronatuko bileretan parte hartuko duten Udal batzuetako ordezkariak.
Sos Muxika herritarren elkarteko kideen ustez, 2003-2007 legealdiko Udal ordezkariek ezin dute osoko bilkuran parte hartu «gaur egun ez direlako Udal horietako ordezkariak». Elkarteko kideen ustetan, ez da legala lehengo udaletako ordezkariek osoko bilkuran parte hartzea.
Ingurumen sailekoek adierazi dutenez, 1999ko abenduaren 21eko 446. dekretuak arautzen du kasu horretan egin beharrekoa. Kasu horietan, ordezkari berrien izendapena egin ez bada lehengo ordezkariek parte hartu ahal izango dute.

No hay comentarios: