Chat gratis

sábado, 15 de enero de 2011

Inamako buru ohiek isurketa mugak gainditu zirela ukatu dute

Ingurumenaren aurkako delituengatik bigarrenez epaitu dituzte, fiskalaren alegazioa onartu ostean
IBAI MARURI BILBO
BERRIA 2011-01-14
Adolfo Conde (ezkerrean) eta J. Manuel Sanchez (eskuinean) Inamako gerenteak, atzo, epaiketan. / M. RAMIREZ / ARP

Kronologia

Jose Manuel Sanchez eta Adolfo Conde Muxikako (Bizkaia) Inama enpresako kudeatzaile ohiak berriz ere epailearen aurrean eseri dira, eta lehengo jarrerari eutsi diote. Biek berretsi dute enpresaren arduradun izan ziren urteetan (2002-2008) Inamak ez zuela gainditu legediak ezarritako gehienezko dezibel kopurua eta airera isur daitekeen gehienezko partikula kopurua.

Isurketen eta gehiegizko zarataren ondorioak pairatzen zituzten herritarrek salatuta, iaz epaitu zituzten, Bilbon, ingurumenaren aurkako delitua egin izana egotzita. Guadalupe Diez epaileak argudiatu zuen salaketak ez zuela oinarri sendorik bi akusatuei absoluzioa emateko. Fiskalak eta akusazio partikularrak errekurritu egin zuten. Helegitea onartu egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta epaia aldatu eta bi auzipetuak zigortu egin ditzaketela aurreikusita, babes neurri modura, berriz ere epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte.

Atzo egin zen ahozko saioa. Oraingoan ez akusazioaren lekukoek ez perituek ez dute parte hartu. Akusazio partikularrak, baina, aurreko epaiketan erabili ez zen txosten bat aurkeztu du. 2006an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ambio enpresari eskatutako azterlanaren ondorioak biltzen ditu.

Akusazio partikularrak ahozko saioan azaldu duenez, legeak ezarritako partikulen emisio mugak gainditzen direla dio txosten horrek. Fiskalaren hitzetan, gainera, txosten horrek agerian utzi zituen Inamaren irregulartasun guztiak. Defentsak, baina, ukatu egin nahi izan zuen gehiegizko isurketa horien eta airearen kalitate eskasaren arteko lotura: «Eusko Jaurlaritzaren neurketek zioten airearen kalitatea ia beti ona zela eta eskasa zenetan zirkulazioaren ondorio zela. Izan ere, PO10 partikulak ziren nagusi airean, eta ez Inamak isuritakoak».

Txostenen interpretazioa

Bai aurreko epaiketan bai honetan erabili diren ikerketak AACk eta Labeinek soinu emisioei buruz egindakoak dira. Fiskalak gogorarazi du aurrekoan epaileak AACrena baino ez zuela aintzakotzat hartu. Labeinek kaltetuen etxebizitzen barruko aldean egin zituen neurketak. AACk, ordea, kanpoan eta kalkulu matematikoen bidez. Labeinen txostenak AACrenak baino urraketa gehiago utzi zituen agerian. «2007ko errege dekretuak dio horrelako neurketak etxebizitzetan egin behar direla, eta ez matematika bidez», arrazoitu du fiskalak.

Defentsak ez zituen baliagarritzat eman etxe barruetan egindako neurketok, trenaren eta zirkulazioaren zarata ere jasotzen zutelako. «Baina ez zuten frogatu hala denik». Labeinek kontrakoa dio, fiskalaren hitzetan: «Neurketak 22:00etan egin ziren. Ordu horretan trena ez dabil, eta ia ez da autorik igarotzen». Fiskalak, gainera, onartu du aurreko epaiketan txosten «minimalista» egin zuela: «Inamak ez zituen baimenak aipatu ordez, zituenak jaso nituen».

Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du ingurumenaren aurkako delituengatik eta 3.000 euroko kalte-ordaina kaltetuetako bakoitzari. Akusazio partikularrak, berriz, sei urteko zigorra ingurumenaren aurkako delituengatik, hiru urteko zigorra bizilagunei eragindako kalteagatik eta 30.000 euroko kalte-ordaina euretako bakoitzari. Auzia epaiaren zain geratu da.

KRONOLOGIA
• 1994. Inamaren eremua handitu zen. Kogenerazio zentrala ezarri eta produkzio modu berriak erabiltzen hasi ziren.

• 1995. Inama inguruan bizi ziren 80 lagunek kexa aurkeztu zuten udalean, kogenerazio zentral termikoaren aurka.

• 2003. Muxikako eta Busturialdeko 380 herritarrek salaketa aurkeztu zuten Ingurumen Sailean eta Foru Aldundian.

• 2006. Urte osoan hainbat txirlora isuri izan ziren, eta bizilagunek salaketak jarri zituzten.

• 2006ko apirila. Muxikako Udalak hirigintza araudia aldatu zuen Inamaren handitzea ahalbidetzeko.

• 2006ko ekaina. Ingurumen Sailak txostena ireki zion Inamari. Handitzea gelditzeaz gain, bost neurri zuzentzaile betetzeko 3 hilabeteko epea eman zion.

• 2007ko uztaila. Jaurlaritzak 6.000 euroko isuna jarri zion ingurumena kaltetzeagatik.

• 2007ko abendua. Inamak zaraten neurria gainditzen zuela ohartarazi zuen Gernika-Lumoko instrukzio epaileak.

• 2008ko otsaila. Ingurumen Sailak beste txosten bat zabaldu zion Inamari, aste eta erdian bost isurketa izan zirelako.

• 2009ko martxoa. Bizkaiko Lurralde auzitegiak Inamako kudeatzaileak auzipetu zituen enpresaren jardunagatik.

• 2010eko maiatza. Epaileak absolbitu egin zituen.

• 2010eko uztaila. Jaurlaritzak IBB Ingurumen Baimen Bateratua kendu zion Inamari.

• 2010eko abendua. Fiskalak helegitea jarri eta epaia berriz egiteko eskatu zuen.

• 2011ko urtarrila. EAEko Auzitegi Nagusiak IBBa kentzea berretsi zuen.

No hay comentarios: