Chat gratis

jueves, 13 de mayo de 2010

Muxikako Udalak herriko Plan Nagusia onartu du, behin-behinean

BUSTURIALDEKO HITZA (2010-05-12) Muxika
Azpiegitura proiektuak ez dituzte kontuan izan, baina bai industriagunea eta etxebizitza tasatuak.
Endika Urlezaga

Hiri Antolamendurako Plan Nagusia onartu zuen Muxikako Udalak, behin-behinean, hilaren 5ean egindako osoko bilkuran. Sarrera aurrerakinaren onarpena EAJren aldeko bost botorekin egin zuten. Muxika Garbi Udal Taldeak aurkako boto bi eman zituen eta ezker abertzaleko zinegotzi biak abstenitu egin ziren. Hiri Antolamendurako Planak ez du kontuan izan Eusko Trenbide Sareak Kurtzero auzoan egin nahi duen egokitzapena, ezta Zornotzatik Gernika-Lumorako bidean egingo duten errepide berria ere. Eskualdeko industriagunea edota etxebizitza tasatuak eraikitzeko guneak, bestalde, sarrera aurrerakinean azaltzen dira.
Jon Mikel Gainza alkateak esan zuenez, ez dituzte begi onez ikusten Eusko Trenbide Sarearen eta errepide berriaren proiektuak. Hori dela eta, proiektu horien ibilbideak aldatzen ahaleginduko direla azaldu zuen. «Sarrera aurrerakina ez da behin betiko proiektua, eta gauzak aldatzeko aukera izan dugu». Hala ere, proiektuarekin hastea ezinbestekotzat jo dute. «Aurreko plana 1989koa da eta Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza plana berritzeko eskatzen ari dira, zaharkitua dagoelako».
Muxika Garbiko zinegotziak, bestalde, sarrera aurrerakina onartzearen aurka azaldu ziren. «Ez dugu ulertzen nolatan Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gune babestu batean era horretako industriagunea eraikitzearen aldeko pausoak ematen diren», esan zuten. «Nekazaritzarako lur aberatsak direnak industriarako lurrengatik aldatu nahi dituzue, ingurumenari kalte ikaragarria eraginez. EAJk kosta ala kosta atera nahi du aurrera proiektua».
Ezker abertzaleko zinegotzi biak, bestalde, abstenitu egin ziren. Jakinarazi zutenez, «hirigintza batzordean esan genuen bezala, sarrera aurrerakinean azaltzen diren puntu batzuk ondo ikusten ditugu, baina beste batzuk ez». Industriagunea, esaterako, ez dutela bidezko ikusten esan zuten ezker abertzaleko kideek.
Udalak erakusketa publikoan jarriko du sarrera aurrerakina. Urdaibaiko Patronatura ere bidaliko du, bertan onar dezaten.
Zain Dezagun Urdaibai, aurka
Zain Dezagun Urdaibai elkartearen ustez, ordea, Plan Nagusia bidezko tramitazioa egin gabe, herritarren iritzia kontuan izan gabe eta lurzoru babestuetan legez kanpo dagoen industriagune bat jarriz onartu dute. «Lur horiek Biosfera Erreserbak babesten ditu, eta eskualde osoari eragiten dion proiektua da, gainera». Hori dela eta, parte-hartze zabalagoa ez izatea kritikatu du elkarteak. Horrez gain, Zain Dezagun Urdaibaikoen ustez, Gernika-Lumoko lurzoru industriala aukera ona da industria sustatzeko, gune berriak kaltetu gabe.
Bestalde, etxebitza tasatuentzat aurreikusitako gunea kritikatu du. «Herriak ez ditu 400 etxebizitza berri behar, eta ez da etxebizitza publiko babestuentzako gunea, gainera». Etxebizitzen %60 babestua izan beharko litzatekeela diote.
Muxika Garbiko eta ezker abertzaleko kideak industriagune berriaren aurka azaldu dira

No hay comentarios: