Chat gratis

sábado, 17 de mayo de 2008

Ingurumen Baimen Orokorra lortzeko Inamak elektrofiltroa jarri beharko du legea betetzeko

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-05-09)
Danel Lauzirika

Ingurumen Baimen Orokorra lortzeko hainbat neurri hartu beharko ditu Kurtzeroko instalazioetan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak jakinarazi berri duenez, tramitatutako hamar ingurumen baimen bateratuetatik ia bederatzi ebatzi dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (%86,36). Muxikako FINSA-Inama enpresari ere Ingurumen Baimen Orokorra eman dio Jaurlaritzak, baina behin-behineko izaerarekin. Hori dela eta, baldintza batzuk bete beharko ditu Muxikan dagoen enpresak behin betikoa jaso orduko; esate baterako, mikropartikulen isurketak murrizteko elektrofiltro bat ezartzearena.

Teknologia garbiak

Ingurumen Baimen Orokorra Europar Batasunak enpresei eskatzen dien ziurtagiria da. Alberto Gartzia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko prentsa arduradunak argitu duenez, berorren «helburua enpresetara teknologia garbiak aplikatzea da eta enpresek inbertsioak egin behar dituzte teknologia garbiak erabiltzeko».

Inama EAEko 300 enpresa kutsagarrienen zerrendan dago. Enpresa guzti horiek apirilaren 30a baino lehenago eskuratu behar zuten baimena, baina zenbait kasutan tramiteen atzerapena onartu du Jaurlaritzak.

Behin-behineko baimena eskuratu ostean, bete beharreko baldintza batzuk ezarri zaizkio FINSA-Inamari. Lehortegietako gas hezeek atmosferara isurtzen dituzten mikropartikulen isuriak murrizteko elektrofiltro bat ezartzea da Jaurlaritzak ezarritako baldintzetako bat.
Jaurlaritzak laster emango du Inamaren inguruko behin betiko txostenaren berri.

No hay comentarios: