Chat gratis

viernes, 18 de enero de 2008

Inamak ingurumen baimena lortzeko apirilera arteko epea du

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-01-16) Danel Lauzirika

MUXIKA Herritarrek eta elkarteek eskatuta, Jaurlaritzak egokitzapen proiektuaren erakusketa luzatzea erabaki du.

FINSA-Inama enpresak lanean jarraitu ahal izateko bere jarduera Europar Batasuneko ingurumen legedira ergokitu behar du. Enpresak apirilaren 30era arteko epea du Eusko Jaurlaritzak ematen duen Ingurumen Baimen Integratua eskuratzeko. «Baimenik ez duten enpresek ezin izango dute euren jarduerarekin jarraitu» adierazi du Alberto Gartzia Jaurlaritzako Ingurumen Saileko prentsa arduradunak.
Aipatutako baimena lortzeko ingurumen teknikariek, besteak beste, enpresaren muntaia, eraikina bera eta ustiapena aztertzen dituzte. Enpresek baimen hori derrigorrez eskuratu behar dutela dio kutsaduraren prebentzio eta kontrolerako legeak. Gartziaren esanetan, "Europak gogortu egin du ingurumen legedia".
Berez urriaren 30ean bukatu zen aipatutako baimena eskuratzeko epea. Hala ere, hainbat enpresei epea luzatu die Ingurumen Sailak. EAEn, guztira, 250 enpresa inguruk lortu behar dute ingurumen baimena.
"Tramitazioa oso konplikatua da, eta txostena behar den bezala egin behar da. Enpresa batzuek epea luzatzea eskatu dute eta onartu egin zaie, tartean Muxikako Inama", adierazi du Gartziak.
Erakusketa epea, luzatuta



Inama enpresa Besangiz Auzotik ikusita


Ingurumen baimena lortu behar duten ehun enpresa baino gehiagoren egokitzapen proiektuak erakusgai jarri ditu Ingurumen Sailak. FINSA-Inamarena proiektua azarotik egon da ikusgai Muxikako udaletxean eta Ingurumen Saileko bulegoetan. Orain dela gutxi Jaurlaritzak beste hamabost egunez luzatu zuen Inamaren proiektuaren inguruko informazio publikoa eskaintzen duen erakusketa.

"FINSA-Inamaren kasuan, beste kasu askotan bezala, Busturialdeko talde ekologisten eskariagatik FINSA-Inamaren kasuan proiektuaren erakusketaren epea luzatzea onartzea erabaki dugu. Gabonak ere tartean izan dira...". Proiektua Muxikako udaletxean izango da beste hamabost egunez erakusgai.
Bestalde, eskualdeko elkarteek eta Muxikako herritarrek enpresaren proiektuari helegiteak jarri ahal izateko epea hamabost egunez luzatzea eskatu dute 22 pertsonak guun bitartez. Jaurlaritzak EAEko eta Bizkaiko Buletin Ofizialetan argitaratu zuen erakusketaren deialdia urtarrilaren hasieran, eta herritarrek hasiera batean berau aztertzeko 30 eguneko epea izan dute.
Enpresaren handitzea

"Gai honen inguruan ez dugu adierazpenik egingo", adierazi diote Inamako ordezkariek BUSTURIALDEKO HITZAri.


Afera honetan enpresaren ordezkariek behin baino gehiagotan adierazi dute Inamaren jarduera ingurumen legedira egokitzeko instalazioak handitzea beharrezkoa dela.

Enpresaren handitze prozesua aurrera eramanez gero, Inamak hamazortzi hektarea izango lituzke. Gaur egun zazpi hektarea ditu.

No hay comentarios: