Chat gratis

miércoles, 3 de octubre de 2007

Iñaki Markuerkiaga zinegotziaren aurkako salaketa artxibatu du epaileak

BUSTURIALDEKO HITZA (2007-10-03)

Zinegotziak uztailean udaletxean izandako jarrera zuzena dela dio

d. lauzirika

Gernika-Lumoko epaitegiko epaile batek Udalak Muxika Garbiko Iñaki Markuerkiaga zinegotziaren kontra jarritako salaketa artxibatzea eskatu du. Epailearen arabera, Markuerkiagak uztailaren 25ean Udal bulegoetan legea ez urratzeaz gain, zuzen jokatu zuen.

Abuztuaren erdialdean Jon Mikel Gainza alkateak, Udalaren izenean, Markuerkiagaren kontrako salaketa jarri zuen «sarbide mugatuko bulegoetara sartu eta baimenik barik datu baseak dituen ordenagailu baten sartzeko saiakera egiteagatik».

Gertaera hori uztailaren 25ean eman zen. Udal agintarien arabera, Markuerkiagak udaletxeko bulegoetako ordenagailu batean sarreren erregistroa ikusi gura zuen, eta «ordenagailu pertsonalera sartzeko klabea eman ziezaion administrari laguntzailea ikaratu zuen».

Epaileak gertaera aztertu eta lekukoak galdekatu ditu. Bere esanetan, galdeketa horien arabera, Markuerkiagaren jarrera «ezin daiteke zigor maila batean sartu. Bai Muxikako Udaleko zinegotzi izateagatik, baita informazioa lortu ez zuen hiritarra izateagatik ere. Erregistro liburuetatik bakarrik jaso zuen informazioa. Zinegotzi modura informazio hori lortuko balu ere legeak ez du ezartzen sarbidea debekatua duenik. Udal bulegoetara ere ez du sarrera debekurik. Debeku hori zinegotzi legez duen karguarekin kontraesankorra izango litzateke».

Auzia bertan behera

Argudio horietan oinarrituz epaileak diligentzien auzi-uztea eta ekinbideak behin betiko artxibatzea egindu du. Erabaki hori inpugnatzeko aukera du Muxikako Udalak.

Markuerkiagaren esanetan, salaketa horrekin «edozein herritarren eskubideak zapaltzen saiatu dira, eta batez ere Muxika Garbiko botoemaileen eskubideak. Zinegotzi karguak hartzerakoan Muxika Garbikook gure printzipio nagusia gardentasuna izango zela adierazi genuen, eta horretan genbiltzala salatuak izan gara».

Markuerkiagaren ustez, «alkateak eta EAJren zinegotziek udaletxean hartzen dituzten erabakiek urduri daudela erakusten dute».

No hay comentarios: