Chat gratis

miércoles, 23 de julio de 2008

Alai-Begirako bizilagunek epaitegietara jo dute

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-07-23)
Egoitz Atxikallende


2007ko maiatzean udalbatzak onartutako aldaketei aurre egin nahian zabaldu dute auzibidea

Muxikako Alai-Begira auzoko bizilagunek epaitegietara jo dute, eta administrazioarekiko auzi-prozesua zabaldu dute. Hain zuzen ere, 2007ko maiatzean egindako osoko bilkurak udalbatzak hartu zituen erabakien aurka joateko zabaldu dute herritarrek auzia. Bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez, «osoko bilkura horretan Alai-Begirako bizilagunen alegazioak atzera botatzea erabaki zuten. Gainera, Muxikako arau subsidiarioak aldatzea erabaki zuten, zeintzuk gure etxe atzean poligonoa eraikitzea ahalbidetuko duten».

Herritarrek irekitako auzibidearen aurrean alkateak izandako jarrera ere salatu dute Alai-Begirakoek. «Egin duen bakarra alkate dekretu bat ematea izan da, herri interesen defentsa abokatuen buffette ezagun bati aginduz». Horrela, auzibidearen berri gainontzeko alderdi politikoei ez ematea ere kritikatu dute Alai-Begirakoek prentsa oharrean. «Beste behin ere, Muxikako EAJ udal taldeak herritarren interesen aurka jo du, interes alderdikoiak defendatuz».

Udala «entzungor»

Eskualdearen garapen industrialaren aurka ez daudela argi utzi gura izan dute Alai-Begirako bizilagunek prentsa oharrean. «Baina proiektu konkretu honen aurka gaude, zein Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta gure etxeen ondo-ondoan egin gura duten». Era berean, Udalaren «eztabaida falta» kritikatu dute, «gure salaketen aurrean entzungor jokatu baitu, eta proiektu hori onartu gura du kosta ala kosta, gu guztien osasunaren kalterako».

Bilbaoren adierazpenak

Horrez gain, zapatuan Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Gernika-Lumoko Batzokiaren ehungarren urteurreneko ospakizun ekitaldian egindako adierazpenak ere kritikatu dituzte. Finsa-Inama enpresaren lekualdatzeak aurrera egingo duen esperantza duela adierazi esan zuen Bilbaok.

Alai-Begirako bizilagunek Urdaibaiko Patronatuaren jarrera zein den jakin nahi dutela diote prentsa oharrean. «71 familia baino gehiago gara bertan bizi garenak, eta proiektu horrengatik kaltetuak. Proiektuaren aurka azaldu gara hasieratik, egin nahi duten industriagunea gure etxeen ondo-ondoan egingo dutelako eta proiektua egiterakoan ez gaituztelako kontuan izan».

Bestalde, FINSA-Inamaren egoera ere gogora ekarri gura izan dute Alai-Begirakoek: «Enpresako gerenteak ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitua egin dutelakoan».

No hay comentarios: