Chat gratis

miércoles, 11 de junio de 2008

Inamako arduradunak ikertuko ditu epaileak

BUSTURIALDEKO HITZA (2008-06-11)
Egoitz Atxikallende

Epaileak inputatu gisa deklaratzera deituko ditu 2002tik egundaino Inamako arduradun izandakoak

Inamak beraien osasunarengan sortutako kalteak direla eta, 21 herritarrek hainbat salaketa aurkeztu dituzte Gernikako Instruzioko 3. zenbakiko epaitegian 2005 urtetik aurrera. Kalteok zarata eta airera isuritako kutsaduraren ondorioz sortutakoak direla zioten. Salaketa horiek aztertu ondoren, epaileak 2007ko azaroaren 11n autoa kaleratu zuen. Auto horretan, Inamak sortutako kaltearen erantzule bakarra gaur egungo Inamako arduradun nagusia zela aipatzen zuen epaileak.
SOS Muxika elkartean biltzen diren auzi-jartzaileak, baina, ez zeuden ados epaileak adierazten zuenarekin eta helegitea jarri zuten. Errekurtso horretan, alde batetik, 1995. urtetik aurrerako Inamako administratzaileak inputatzea eskatzen zuten. Beste alde batetik, 1995tik aurrera Muxikako alkate izan direnak inputatzea eskatu zuten, ingurumen arloan prebarikazioa egin izanagatik.
Inamako arduradunei buruzko aferan Fiskaltzak bat egin du SOS Muxika elkarteko kideen eskariekin. Alkateak epaibidean jartzea, bestalde, ez du begi onez ikusi oraingoz.

Zenbait eskari

Epailea SOS Muxikakoek eskatutakoa baino haratago joan da, izan ere, Inamako administratzaileak soilik inputatu beharrean, 2002tik aurrera ingurumen zein produkzio alorrean ardurak izan dituzten pertsonak ikertuko dituela jakinarazi baitu. Gertatutakoa argitzeko eta ahozko prozedura laburtua aurrera eraman ahal izateko epaileak hainbat eskari egin dizkie Muxikako Udalari, Inamari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari.

Batetik, epaileak Inamari eskatu dio 2002tik hona enpresaren organigrama zein izan den argitzeko. Ebazpenean zera esaten du: «Behin organigrama eskuartean izanda, deklarazioa hartuko zaie inputatu gisa ingurumen zein produkzio arloan ardura izan dutenei».

Bestetik, bere esku dituen kutsadura akustikoari buruzko txosten eta neurketak eskatu dizkio Muxikako Udalari epaileak.

Neurketen emaitzak

Horrez gain, Eusko Jaularitzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailari bi eskari egin dizkio epaileak. Batetik, Inamako instalazioek isurtzen duten NOx, SO2 zein partikula kopuruari buruzko informazioa. Egindako neurketetan lortutako datuak dira horiek, enpresak indarrean dagoen legedia betetzen duen jakiteko.

Bestetik, 2004ko azaroaren 10a eta 2005eko uztailaren 8a bitartean egindako neurketen emaitzak biltzen dituen txostena ere eskatu du epaileak. Neurketa horiek Muxikako Udalaren aginduz egin zituen airearen kontrolerako teknikariak.

No hay comentarios: